EUROPAKO MUGIKORTASUN IRAUNKORRAREN ASTEA

EUROPAKO MUGIKORTASUN IRAUNKORRAREN ASTEA

Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatuko dugu irailaren 16tik 22ra. Garraio publikoak, bizikletek eta oinezkoek lehentasuna izango dute zazpi egun horietan, beraiek baitira isuri txikiko mugikortasun osasungarria, eraginkorra eta eskuragarria lortzeko ezinbesteko protagonistak. Neurri horiek, alabaina, onuragarriak izango dira herritar guztientzat.

Aurtengo gaia mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua izango da, “Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian” lelopean. Asmo horrekin, Getxoko Udalak jarduera ugari antolatu ditu herritarrek modu aktiboan parte har dezaten eta, horrela, osasuna hobetu, ingurumena zaindu eta kutsadura akustikoa eta atmosferikoa murrizten laguntzeko.

Hiriguneetan oinez eta bizikletaz ibiltzeko jarduerak nabarmenduko dira aurtengo edizioan, ohitura osasungarri horiek sustatzeko xedearekin. Alde horretatik, patinete- eta bizikleta-ibilbideetan, bigarren eskuko azoka batean edo bizikletak konpontzeko tailer batean parte hartzeko aukera izango dugu, besteak beste.

Halaber, kirola, osasuna eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen proposamen berri batez gozatu ahal izango dugu familiartean. Plogging Getxo jarduera aire zabalean ariketa fisikoa egitean datza… hondakinak biltzen ditugun bitartean.

Gainera, irailaren 19an (larunbata) ospatzen den “Autorik gabeko eguna” dela-eta, haur eta familientzako hainbat jarduera antolatu ditugu Getxon. Era berean, hainbat elkartek, GKEk eta enpresak ekimenarekin bat egingo dute jarduera askoren bitartez; besteak beste, bide-segurtasuneko zirkuituak, bizikletentzako oztopo-zirkuituak, gimnasia erritmikoa, patinajea, hockeya, gurpil-aulkiei egokitutako zirkuituak eta abar. Ez hutsik egin! Zure zain egongo gara!

Info gehiago: https://www.getxo.eus/eu/medio-ambiente/movilidad-getxo/movilidad

Share