Getxoko Aste Berdea ekainaren 5etik 11ra ospatuko da

Getxoko Aste Berdea ekainaren 5etik 11ra ospatuko da

2023ko Aste Berdeak, aurten ere Getxoko Udalak antolatuta, ingurumenari lotutako hainbat jarduera eta dibulgazio-ekimen eskainiko ditu ekainaren 5etik 11ra: tailerrak, hitzaldiak, bi itsasontzi-irteera, hondakinen bilketa kayakean, mendi-ibilbidea eta antzerki-saio bat ere, besteak beste.

Programa egunez egun

Ekainaren 5ean, astelehena, Algortako Geltokia plazan, 12:00tatik 13:00etara, sasoiko landareak banatuko dira plastikozko botilak eta poltsak, esne- edo zuku-brikak eta abarren truke, karparen ondoan jarriko den edukiontzi horian utziz gero.

Arratsaldean, beste bi jarduera gehiago izango dira: askari osasungarri bat prestatzen ikasteko tailerra, 18:00etatik 20:00etara, Areetako Geltokia plazan; eta bigarren tailer bat, ordutegi berean Algortako Geltokia plazan, arropa zahar edo gastatua konpontzen eta berrerabiltzen ikasteko.

Asteartean, hilaren 6an, berriro egingo da sasoiko landareak plastikoaren ordez doan banatzeko ekintza, 12:00etatik 13:00etara, Areetako Geltokia plazan. Eta 18:00etatik 19:30era, San Nikolas plazan, aire-freskagarri naturalak egiten ikasteko tailerra izango da.

Asteazkenean, 7an, bi jarduera gehiago:  tomatean oinarritutako sasoiko errezeta bat prestatzeko, 18:00etatik 20:00etara, Algortako Geltokia plazan; eta ordutegi berean, Romo Kultur Etxean, mendian segurtasunari buruzko prestakuntza-hitzaldiak.

Ostegunean, 8an, beste bi tailer antolatuko dira, hiri-baratzeari eta bainu-gel biodegradagarriari buruzkoak, Areeta eta Algortako Geltokia plazetan, hurrenez hurren, ordutegi berean, 18:00etatik 20:00etara.

Ostiralean, 9an, “Puxika pirata naturaren altxorra” antzezlana, 18:00etatik 19:00etara, Areetako Geltokia plazan. Eta bi itsasontzi-irteera familientzako “Bote Tours”-ekin, Abraren ingurumen-historia ezagutzeko. Lehenengo irteera 18:00etatik 19:00etara egingo da, eta bigarrena 19:00etatik 20:00etara, Kirol Portutik.

Larunbatean, 10ean, jardunaldia 08:30ean hasiko da hegaztien ohiko eraztunketarekin, Bolueko Hezegunean (bertan behera utziko da eguraldi txarra egiten badu); ondoren, mendi-ibilbidea izango da Itxartu Klubarekin, 09:00etatik 13:00etara, Muñarrikolandara igotzeko. Irteera Algortako Geltokia plazatik egingo da. 11:30etik 13:30era, kayak-irteera bat antolatuko da Kirol Portutik hondakinak biltzeko. Eta gaueko ordutegian, 22:00etatik 23:30era,  murgiltze-esperientzia bat egingo da Azkorriko hondartzan flyscharen jatorria ezagutzeko.

Azkenik, igandean, 11n, azken jardunaldian, lau jarduera antolatuko dira. 11:00etatik 12:30era, Algortako Geltokia plazan, ibilbidea izango da inguruko landareak eta haien erabilera aztertzeko. 10:30etik 14:00etara, Portu Zaharreko aparkalekuan, orientazio-proba bat egingo da familientzat; 10:30etik 11:45era eta 12:15etik 13:30era, Ingurumen Aretoan, Eskola Bideen esperientzia pilotuan erabiliko diren seinaleak sortzeko tailerra izango da. Eta 11:00etatik 12:00etara, Algortako Geltokia plazan, eta 12:30etik 13:30era, Areetako Geltokia plazan, udalerriko hegaztiak eta zuhaitzak ezagutzeko ibilbidea.

Jarduera guztiak dohainik izango dira eta batzuetan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da, telefonoz, 605 74 90 64, edo e-postaz, getxoasteberdea@gmail.com, hautatutako jarduera, izen-abizenak eta eskuko telefonoa zehaztuz. Euria egiten badu, jarduerak lekualdatuko dira.

Horretaz guztiaz gain, Balkoiak eta leihoak apaintzeko VII. Lehiaketa ospatuko da. Uztailaren 3ra ate egongo da zabalik izena emateko epea. Bi sari ezarri dira, 300 eta 150 eurokoak, lorezaintzako produktuekin trukatzeko Getxoko saltokietan. Parte hartzeko mezu bat bidali beharko da getxoasteberdea@gmail.com helbidera, izena, telefono zenbakia eta lehiaketan parte hartuko duten balkoi edo leihoetako argazkiak erantsiz.

 Jarduera-programari eta inskripzioei buruzko informazio gehiago: www.getxo.eus/asteberdea.

Share

Recommended Posts